Assembly (Concrete Erudition)

Agency

1992-

001285 mugako kasua (The Seinfeld Aptitude Test)

1989 eta 1998 artean, NBC kateak Seinfeld telesail estatubatuarra eman zuen. Larry David eta Jerry Seinfeld izan ziren komedia haren sortzaileak. Telesailak Jerry Seinfeld izeneko New Yorkeko komiko bakarrizketari baten eguneroko bizitza kontatzen du. Castle Rock Entertainment enpresa da telesail arrakastatsuaren atal guztien egile-eskubideen jabea. Telesaila Sony Pictures Television konpainiari saldu zitzaion berriz emateko. 1993an, Bruce Frettsek lizentzia lortu zuen telesailaren gida bat argitaratzeko, The Entertainment Weekly Seinfeld Companion.1994ko urrian, The Seinfeld Aptitude Test argitaratu zuen Carol Publishing Group argitaletxeak. Beth Golub idazleak telesaileko gertakari eta pertsonaiei buruzko 643 galdera idatzi zituen. The Seinfeld Aptitude Test galdetegi-liburu bat da, eta haren xedea fikziozko telesailari buruzko gertakari eta eszenen inguruko irakurleen ezagutza neurtzea da. «Seinfeld» izena nabarmen ageri da liburuaren azalean. Kontrazalean Golubek erantzukizunari uko egiteko ohar bat gehitu zuen, esanaz The Seinfeld Aptitude Test liburuak ez zuela «Seinfeld telesaila sortzen edo produzitzen parte hartzen zuen ezein erakunderen baimen edo lizentziarik jaso». 1994ko azaroan, Castle Rockek ohartarazpena bidali zion Carol Publishing Groupi. Argitaletxe horrek, hala ere, The Seinfeld Aptitude Test saltzen jarraitu zuen, eta Castle Rockek salaketa aurkeztu zuen, copyrightaren eta markaren urraketa federala leporatuta. 1997ko otsailaren 27an Castle Rock Entertainment k. Carol Publishing Group and Golub kontra aurkeztutako salaketaren epaiketa egin zen New Yorkeko lehen auzialdiko epaitegi batean. Sonia Sotomayor epaileak honako hausnarketa hauek egin zituen:

I. Copyrightari buruzko ageriko erantzukizuna. [...] A. Kopiaketa.[...] Zuzenean esanda, ezin da zalantzan jarri The SAT liburuan Seinfeldeko informazioa eta elkarrizketak kopiatzen direla. [...] B. Seinfeld telesaileko jatorrizko elementuak. [...] The SAT liburuan Seinfeld telesaileko ataletan erakutsitako gertakariei buruzko galderak egiten dira. [...] Seinfeld fikzioa da; nola ataletako «gertakariak» hala gertakari horien adierazpidea Castle Rock Entertainmentek sortutakoak dira. [...] Zuzenean esanda, Castle Rock Entertainmenten lanaren jatorrizko elementuez jabetu da Carol Publishing. [...] II. Erabilera egokia. [...] A. Erabileraren xedea eta izaera. [...] Epaitegiak ondorioztatu du The SAT lan eraldatzailea dela. Elementu hori garrantzitsua da, baina ez erabakigarria Carol Publishingen aldeko epaia emateko. [...] B. Egile-eskubidea duen lanaren izaera. Seinfeld fikziozko eta sormenezko lan txit arrakastatsua da. [...] Castle Rock Entertainmentek, beraz, abantaila erabakigarria du erabilera egokia egin den erabakitzeko bigarren faktoreari dagokionez. [...] C. Erabilitako zatiaren garrantzia. [...] The SAT lanak eduki gutxi gehitzen dio nahasketari, oro har. Egia da liburuak programa eraldatzen duela galdetegi-joko baten formatua erabilita, baina galderak Seinfeld programako gertakariei buruzkoak dira bakarrik. [...] Epaitegiak ondorioztatu du The SAT liburuan Seinfeld telesailaren edukiaren zati esanguratsu bat biltzen dela, baina hori ez da erabakigarria Castle Rock Entertainmenten aldeko epaia emateko. [...] D. Eragina balizko merkatuan. [...] Seinfelden galdetegi erako joko bat ez da programaren funtsezko alderdi bat eta ez du programa parodiatzen; izatekotan, Seinfelden omenaldi bat da The SAT. Horrelako lanen merkatua Castle Rock Entertainmenten kontrolpean utzi beharko litzateke guztiz. [...] E. Erabilera egoki metatuaren balorazioa. Epaitegiak uste du, oro har, The SAT ez dela Seinfelden erabilera egokia.

Epaitegiak Castle Rock Entertainmenten aldeko epai sumarioa eman zuen copyrightaren urraketari dagokionez. Carol Publishing Groupek eta Golubek helegitea aurkeztu zuten epai horren kontra. 1998ko uztailaren 10ean helegite horren Castle Rock Entertainment k. Carol Publishing Group and Golub epaiketa egin zen Estatu Batuetako Apelazioetarako Epaitegian. John Walker epaileak honako hau bildu zuen epaian:

I. Copyrightaren urraketa. [...] A. «Funtsezko antzekotasuna». Elementu kuantitatiboari dagokionez, The SAT liburuak gutxieneko maila gainditu duela ondorioztatzen dugu. [...] Elementu kualitatiboari dagokionez, The SAT liburuko galdera bakoitza Seinfeld telesaileko jatorrizko eduki babestuan dago oinarrituta zuzenean. [...] B. Beste proba batzuk. [...] Adierazi behar dugu, edonola ere, Castle Rock Entertainmentek baduela bi lanen artean erakargarritasun estetiko komun bat dagoela defendatzeko oinarria, The SAT liburuak zuzenean kopiatutako Seinfelden edukia eta Golubek kontrazalean esan bezala liburuaren xedea telesailaren erakargarritasun estetikoa osatzea dela argudio gisa erabilita. [...] II. Erabilera egokia. [...] A. Erabileraren xedea/izaera. [...] Kontuan izanik The SATen Seinfelden edukia galdetegi-liburu baten formatura ekarri dela, asmo eraldatzaile gutxirekin edo halakorik gabe, lehen faktorea Carol Publishingen kontra doa. [...] B. Egile-eskubidea duen lanaren izaera. Egile-eskubide bidez babestutako lanaren fikziozko izaera esanguratsua da esku artean dugun kasuan. [...] Horrela, araututako bigarren faktorea Castle Rock Entertainmenten aldekoa da. [...] C. Egile-eskubidea duen lanetik zenbat erabili den eta erabilitako zati horren garrantzia. [...] The SAT lanaren xedea ez da kritikoa edo eraldatzailea. Ondorioz, hirugarren faktorea erabilera egokiaren kontrakoa da. [...] D. Erabileraren eragina balizko merkatuan egile-eskubideak babestutako lanaren balioarentzat. [...] The SATek jatorrizko lana merkatu eratorri batean ordezkatzen du eta, pentsatzekoa da Castle Rockek edo telebistako programa baten egile-eskubideen jabeak merkatu hori garatuko lukeela edo beste batzuei garatzeko lizentzia salduko liekeela. [...] Araututako laugarren faktorea, beraz, Castle Rocken aldekoa da. [...] E. Beste faktore batzuk. Adierazi behar dugu, halaber, adierazpen-askatasunari eta interes publikoari buruzko gogoetek ez dutela garrantzirik kasu honetan, fikziozko sormenezko lanen egile-eskubideen urraketa aski arrunt bati buruzkoa baita. [...] F. Ebaluazio metatua. Goian aipatutako faktore guztiak kontuan izanik, ondorioztatzen dugu The SATen egin den Seinfelden kopiaketa baimentzeak copyrightari buruzko legearen helburuari kalte egingo liokeela.

Epaitegiak ebatzi zuen The Seinfeld Aptitude Test lanak Seinfeld kopiatzen duela eta kopiaketa hori ez dela erabilera egoki bat eta, ondorioz, egile-eskubideen urraketa salagarria dela. Castle Rock Entertainmenten aldeko epaia berretsi zuen.