Assembly (Resource)

Agency

1992-

001697 mugako kasua (60 Years Later: Coming Through the Rye)

1951n, Jerome David Salingerrek Zekale artean harrapaka liburua idatzi zuen (The Catcher in the Rye, ingelesez). Liburuak Holden Caufield izeneko hamasei urteko mutiko bat hazten ari deneko garai gatazkatsua kontatzen du. Institututik kanporatu dute eta zenbait egun New Yorken bueltaka emango ditu, etxera itzuli arretik. Liburuak arrakasta itzela izan zuen. Louis Menand literatura-kritikariaren iritziz, Holden pertsonaia «nerabezaroko alienazio eta errebeldiaren» ikur kulturala da, «gizartekotzeari uko egiten dion jenio moral bat». Salingerrek ez zuen inoiz baimenik eman bere liburuaren egokitzapenak egiteko, eta bere abokatuei esplizituki agindu zien horrela jokatzeko.

2009an Fredrik Colting izeneko idazle suediar batek 60 Years Later: Coming Through the Rye izeneko liburua argitaratu zuen, John David California izenordea erabilita. Liburu horrek «Mr. C» izeneko hirurogeita hamasei urteko pertsonaia baten istorioa kontatzen da, eta laurogeita hamar urteko idazle bat ere agertzen da bertan, haren izena aipatu ez arren. Eleberriaren premisa da izenik gabeko idazle hori berak sortutako pertsonaiarekin obsesionatua bizi dela, eta berriz ere bizia eman nahi diola hil ahal izateko.

Salingerrek adierazi zuen Coltingen eleberria Zekale artean harrapaka liburutik eratorritako lan bat zela, eta Mr. C pertsonaia Holden Caulfield pertsonaiaren egile-eskubideen urraketa bat zela. Coltingek erantzun zuen 60 Years later: Coming Through the Rye idaztean haren asmoa ez zela Zekale artean harrapaka liburuaren sekuela bat idaztea, eta adierazi zuen eleberria azterketa kritiko bat zela, «Holden pertsonaiarena, Zekale artean harrapaka eleberrian agertzen zen moduan; Salingerren eta haren pertsonaia ezagunenaren arteko harremanarena eta idazle jakin baten bizitzarena, zahartu ahala berak sortutako literatura-pertsonaian harrapatuta geratzen denean». Salinger k. Colting aurkako salaketa aurkeztu zuen, eta epaiketa 2009ko uztailaren 1ean egin zen New Yorkeko lehen auzialdiko epaitegian. Deborah Batts epaileak epaian jaso zuenez:

Epaitegiak, orain, Coltingek eta Windupbird Publishing argitaletxeak adierazikoa aztertuko du, hots, 60 Years liburua eta Mr. C protagonista Salingerren egile-eskubidez babestutako lanaren erabilera egokia direla, AEBko Copyrightari buruzko araudiaren arabera (17 USC). [...] 1. Erabileraren xedea eta izaera. [...] Erabilera egokia izan den edo ez aztertzeko, lan bat parodia bat dela ebatziko dugu baldin eta haren asmoa bada aurreko lan baten iruzkinak edo kritikak egitea jatorrizkoaren elementuak hartuta eta beste obra artistiko bat sortuta (eta ez akademikoa edo kazetaritzakoa). [...] 60 Years liburuan, baina, ez da ageri Zekale artean harrapaka liburuaren erantzun gisa interpreta litekeen pasarterik edo pertsonaia edo gai baten kritika zehatzik. [...] 2. Egile-eskubidea duen lanaren izaera. [...] Gai honi dagokionez, ez dago zalantzarik Zekale artean harrapaka jendartean zabaltzeko sormenezko adierazpidea dela eta egile-eskubideen babesteko xedearen esparruaren barruan geratzen dela guztiz. [...] 3. Egile-eskubidea duen lanetik zenbat erabili den eta erabilitako zati horren garrantzia. [...] Kasu honetan, epaitegi honetan aurkeztu diren datuen arabera, Coltingek eta Windupbird Publishingek Salinger eta haren jokabideak eta jarrera kritikatzeko behar dena baino gehiago hartu dute Zekale artean harrapaka liburutik, hala edukiari nola estiloari dagokionez. Colting and Windupbird Publishing argitaletxeak Holden Caulfielden pertsonaia erabiltzen duela da horren adibiderik garbiena. [...] 4. Erabileraren eragina balizko merkatuan egile-eskubideak babestutako lanaren balioarentzat. [...] Pentsatzekoa da 60 Years liburuaren argitalpenak Zekale artean harrapaka lanean oinarritutako sekuela eta lan eratorrien balizko merkatuari kalte egingo liokeela. Hortaz, laugarren faktore hori ere erabilera egokiaren aurkakoa da, baina haren garrantzia txikia da, nolanahi ere.

Epaitegiak ebatzi zuen erabilera egokiaren defentsak aurrera egiteko aukera gutxi zituela, eta kautelazko neurriak agindu beharko liratekeela. Coltingek erabakiaren aurkako helegitea aurkeztu zuen. 2010eko apirilaren 30ean, Salinger k. Colting helegite horren epaiketa egin zen Estatu Batuetako Apelazioetarako Epaitegian. Calabresi epaileak honako hau adierazi zuen:

A. Kautelazko neurriak eman behar diren edo ez aztertzeko lehen egitekoa aurkeztutako argudioak gailentzeko probabilitatea analizatzea da. [...] B. Ondoren, epaitegiak aztertu behar du ea Salingerrek kalte atzeraezina pairatuko lukeen kautelazko neurririk aginduko ez balitz. [...] C. Azkenik, epaileek interes publikoa ere kontuan hartu behar dute. [...] Lehen auzialdiko epaileak kautelazko neurriak hartu aurretik aztertu behar diren lau faktoreetako lehenengoa bakarrik izan zuen kontuan; Hori dela eta, epaia indargabetzen dugu, eta epaitegira itzultzen dugu. Edonola ere, ekonomia judizialaren mesedetan, aipatu behar dugu ez dugula arrazoirik ikusten lehen auzialdiko epaitegiaren ondorioren kontra egiteko; hots, uste dugu Salingerren copyright-urraketaren defentsak irabazteko aukera handiak dituela. [...] Eta, gehienbat lehen auzialdiko epaitegiaren arrazoi berak direla eta, bat gatoz lehen auzialdiko epaitegiaren iritziarekin Zekale artean harrapaka eta 60 Years Later oro har antzekoak direla dioenean. [...] Ondorioztatzen dugu, lehen auzialdiko epaitegiak bezalaxe, Coltingek eta Windupbird Publishingek ez dutela kasua irabazteko aukera handirik, erabilera egokiaren defentsa baliatuta.

Epaitegiak kautelazko neurriak indargabetu zituen eta kasua lehen auzialdiko epaitegira itzuli zuen. 2010eko abenduaren 14an Fredrik Coltingek eta Salingerren oinordekoek epaiketaz kanpoko akordio konfidentzial bat sinatu zuten. Ez zen lege-ekintza gehiago egon.